Territorios
Geometria sinbolikoa
Bere buruari galdetu dio hurrena norena ote den lehendakari ohi bat?
Maiatzak 6, 14.45ak aldera. Gasteizko BetoƱo auzotik dator etxera bueltan autoz, A-1 errepidetik. Autobian kilometro eskas daramala, argi urdin batzuk ikusi ditu aurrean Ʊir-Ʊirka, ertzaintzarenak edo. Istripuren bat, egin du bere artean. Goizean, Gasteizera bidean, ezbehar pare bat ikusi du errepide euriz bustian. Argietara hurbildu ahala, ohartu da ez dela istripu bat, motorrez osatutako ertzaintzaren segizio bat baizik. Bi motor-gidari atzean, beste bi aurrerago, eta, tartean, ertzaintzaren patruila bat. Zerbait edo norbait eskoltatzen ari dira. Furgoi blindatuen lapurretari buruzko pelikula baten bezala sentitu da, baina luze gabe ohartu da oker dabilela. Segizioa aurreratzen hasi denean, ikus du motorren tartean beste bi auto daudela, auto normal bat eta hil-auto bat. Auto normala aurreratu du lehenik. Gidaria kalez jantzita doa, baina trajez eta dotore. Hil autoa dator hurrena. Garaikoetxea duela gutxi hil denez, ondorioztatu du lehendakari ohia daramatela autoan (Ajuria Eneatik IruƱeko San Frantzisko Xabier parrokiara), eta haren gorpuaren ondotik pasako dela. Film batean dagoelako sentsazioa areagotu zaio, baina, kasu honetan, esango luke Paolo Sorrentinoren pelikula batean bezala sentitzen dela gehiago, sekuentzia erdi erlijioso erdi felliniar moduko batean murgilduta. Tarte labur bat izan da. Segundo gutxiren buruan, atzean utzi ditu hil-autoa eta segizioa.
Garaikoetxeari emandako bosteko hura despedida moduko bat izan zen berarentzat
Hurrengo kilometrotan, gogora etorri zaion irudia faraoiena da. Piramideen sabeletan lurperatzen zituzten, arpilatzeak saihesteko. Oihal zuriak eta iluntasuna, heriotzaren likido amniotikoaren eta amnesiaren arteko ariketa matematiko ondo kalkulatua. Bere buruari galdetu dio hurrena norena ote den lehendakari ohi bat. Bere familiarena? Herriarena? Jaurlaritzarena? Eta zer gertatuko da orain Garaikoetxearekin? Kontakizunen arteko enegarren talka ikusiko al dugu geure artean, hura nork bereganatuko? Berak sortutako alderdiak? Alderdi horrek osatzen duen koalizioak? Aspalditik dakigu memoria kontakizunez osatzen dela, gizartearen argamasa direla kontakizun horiek, eta batzuk oso trebeak direla fikzioak sortzen eta berrasmatzen. Gauza bat garbi dago: une honetan berak sortutako alderdia erdibituta dago, eta gauzak auzitegietara ere heldu dira. Erdia beste erdiarekin haserre. Kritikoak eta ildo ofiziala. Anaiarteko gerra edo elkartasun hautsia. Errazagoa da elkarrekin etsaitzea, elkarrekin ados jartzea baino. Alegiazko piramide horretan hondoratzen dira hartu-eman politikoen esperantzak, bakardade izoztuan. 'Botere' hitzaren ertz punta-zorrotzak eta ukondokadak, lehen lerroa bereganatzearren. Politikak lotura zuzena du sare sozialen ohiko funtzionamenduarekin: argazkian erakusten denak gehiago du itxurakeriatik, eta azpian gertatzen dena ezkutatzeko balio du. Piramidea sakonagoa eta ilunagoa egiteko.
Gidariak gogoan du etxean Garaikoetxearen aldekoak zirela. Harreman ezin laburragoa izan zuen politikarekin, eta harreman hura hil berri den lehendakariak sortutako alderdiaren eskutik egin zuen. EA eta EAJren arteko zatiketa gauzatu zenean, 10-11 urte izango zituen, baina ondo iltzatuta geratu zaio etxean bizi izan zuten kezka eta larridura (ezin ahaztu Garaikoetxeari egindako telefono-entzuketa ilegalak). Beste garai batzuk ziren, eta artean gaztea eta berdea zen. Are gehiago, orain etorri zaio burura EAren hauteskunde-ekitaldi batera eraman zutela gurasoek, eta Garaikoetxeari bostekoa eman ziola. Eta jabetu da handik gutxira, pixkanaka eta progresiboki militantzia edo afinitate politikoak atzean uzten joan zela, txikitako hainbat zutabe eta fede errausten joan zitzaizkiola, eta bizitzak beste bide batzuetatik eraman zuela. Hala ere, harrotasunez gogoratzen du une hura, bazekien garrantzi handiko norbaiten aurrean zegoela. Altsasura heltzean ondorioztatu du Garaikoetxeari emandako bosteko hura despedida moduko bat izan zela berarentzat, eta hil-autoaren ondotik igarotzeak, geometria sinboliko bat itxi duela, hiruki formakoa akaso.