Azken urteotan motel zebilela euskal literatura maiz entzun dudan esaldia eta baieztapena da. Eta entzun arren, nire adostasun falta azaldu dut inoiz baino gehiagotan. Azken ... boladan eten egin da joera, eta kontakizunean, nagusi ageri den genero literarioan, uzta oparoa izan da.
Ohikoa ez den kontakizuna
Bernardo Atxagaren 'Enarak' nobelari buruzko prentsa oharrak dio «Irakurleak poliatseginez irakurriko duela Enarak». Arestik «polilito» deitu zion Arantzazuri, hori gogoan hartuz, nobela honi buruz jarraitu dezakegu «poli» aurrizki hori erabiltzen eta aipatu ahots ugarikoa dela, poli-ahosduna, beraz, poli-narratzaileak direla, poli-hariak ekintzetan⦠baina denen gainetik nik uste poliatxaga dela. Han dira Atxagak hain gustukoak dituen ezaugarriak: ekintza nagusi batean txertatzen diren pasarteak eta ipuinen bidez sortutako batasuna, zerrenden erabilera, hizkuntza zientifikoari emandako garrantzia, auto-erreferentziarekin jolastea. Badirudi bete apeta bete duela egileak obra arriskutsua eta guztiz pertsonala idatziz. Eleberriaren 255. orrialdean, ia amaieran, Atxagak 'Erlea aldizkariko arduradunak Pedrori egindako gutuna' izenburua duen pasarte bat dakar; Erlea aldizkariko arduraduna, Atxaga bera izan zela kontuan hartuta, kasu berezia egin behar zaio hor esaten denari. Pasarte horretan, narratzaileak Jose Ordorika margolariaren lana komentatzen du, eta hark «anti-doxa» obra bat egiten duela azpimarratzen du. Baieztapen hori obra honen poetika gisa uler daiteke. Nobela Anti-doxa da. Ohiko kanonetatik urrun dagoena, egilearen obra bat kortse guztietatik askatua, eta kontatzea jolasa.
Harkaitz Canoren 'Silueta' lanak ere badu anti-doxa bide horren ezaugarririk. Inon ez den obra bati buruzko iruzkinek osatzen dute lana. Obra ez dago, ez da. Baina hark sortzen du zurrunbiloa. Iruzkin batzuk obrari buruzkoak dira, beste batzuk, aldiz, iruzkinen iruzkinak, panpina errusiarrak, eta errealitatean geratu dena, pelikula poliziakoetan bezala, hildakoaren marra, silueta besterik ez zaigu geratu. Canok izan du abangoardia maitatzeko joera, eta lan honi buruz ere esan dezakegu poli-cano dela, poli-ahosduna, poli-jokoa, errealitate den hori ezin adierazteko poli-diskurtsoa.
Aspaldikoak eta gaurkoak
Isilune baten ondoren berriro agertu direnen artean Laura Mintegiren 'Akabo' nobela aipatu beharko genuke. 19 urtez argitaratu gabe egon ondoren, bere pertsonaien psikologian barneratzera dator berriro egilea. Thriller baten aurrean gaude, lehen orrian jada badakigu zein den hiltzailea, baina ez nor den hildakoa. Esango nuke Patricia Highsmithen usaina duen kontakizuna eskaini digula Mintegik, espazioaren errealismoari garrantzi handia emanez.
Lourdes Oñederrak ere urteak eman ditu bere nobela berria ontzen. 2013koa zen bere aurreko lana. Eta 'Azken batean' nobelak bere narratibaren pausoak jarraitzen ditu . Pertsonaia femeninoak, ama-alaben arteko komunikazioa, giro politikoaren agerpena⦠eta idazkera zaindua eta erritmikoa. Memoriari buruzkoa da nobela: «Gatibu gara denboraren tiobiboan» eta geratzen zaiguna «atzera begira baino ez» da. Eta horretan dihardu nobelak, nahiz eta pertsonaia gaiztoaren irudia gaiztoegi osaturik dagoen, nahiz eta Gaizkiaren sinbolo bihurtu nahi izan duen egileak.
Beste egile batzuk, ordea, ez dute horrenbeste denbora utzi aurreko argitalpenaren eta gaurkoaren artean. Eider Rodriguezek, ohi duen maisutasunez, 'Dena zulo bera zen' ipuin bilduma eman digu. Gorputza nagusi da beti bere kontakizunean, baina pertsonaion psikologia tentu handiz josia dago. Ipuin batean pertsonaiak zulo bat egiten du, eta bikoteari galdetzen dionean zertarako erabiliko duten zuloa: «Ezertarako ez. Zulo bat da» erantzuten dio. Komunikazio zailaren zuloan mugitzen dira izakiak ipuinotan. Esan nahi ez dutena esaten dute pertsonaiok maiz, beste batzuetan nahi izan arren ez dute ongi adierazten esan nahi duten hori, eta askotan zuzen esaten badute, gaziki ulertuak sortzen dira istoriotan.
Duela aste batzuk ospatutako Durangoko uholdearen ondoren unea iritsi da oraingoz heldu ez ditugun beste nobela batzuk irakurtzeko, hartuko dugu arnasa eta hasiko gara Katixa Agirreren, Danele Sarriugarterren eta Arrate EgaƱaren nobelak esku artean eramaten.