Gure zain
'Genero-apartheid'-aren bidez euren eskubideak desagertuz doazen bitartean, Afganistango emakumeek euren ahotsak isilarazi ez ditzaten borrokan jarraitzen dute
Olatz Elosegi
Duela hogeita bost urte, New Yorken eta Washingtonen 2.996 hildako, 25.000 zauritu eta 10.000 milioi dolarreko kalte material eragin zituzten historiako atentatu hilgarrienen ostean, orduan AEBetako presidente zen George W. Bushek terrorismoari gerra deklaratu zion eta Afganistanen agintean ziren talibanak jarri zituen miran, Al Qaedari eta haren buruzagi Osama bin Ladeni babesa ematea egotzita. Beste hainbat herrialderen laguntzarekin abian jarritako Askatasun Iraunkorra operazioaren ondorioz, talibanek urte hartako abenduan utzi zuten boterea. Gatazka lehenbailehen amaituko zela ere aurreratu zuen baten batek. Hogei urte, bonbardaketa, atentatu, liskar, hildako eta zauritu ugari geroago, ordea, AEBetako tropek Afganistandik alde egin zuten 2021ean, eta talibanak berriro itzuli ziren boterera. Eta haiekin batera, baita iluntasuna ere milioika emakumeren bizitzara. Guztion begien aurrean. Beteko ez zituztela bagenekien promesen artean.
Bost urte geroago, nazioartearen laguntzaren zain jarraitzen dute neska eta emakume afganiarrek, euren ahotsak isilarazi ez ditzaten borrokan ari diren bitartean. Nazio Batuen Erakundeak «genero-apartheid» egoera dagoela salatu du. Izan ere, urtetik urtera, emakumeen giza eskubideen urraketa gero eta nabarmenagoa da hainbat esparrutan: hezkuntzan, enpleguan, osasun-arretan, mugitzeko askatasunean eta justiziarako sarbidean. Murrizketa horiek guztiek ondorio larriak dituzte haien osasunean, ongizatean eta duintasunean. Afganistango emakumeek munduko indarkeria-tasarik handienetako bati egin behar diote aurre, eta eraso gehienak, noski, etxean bertan gertatzen dira. Emakumeen erdia baino gehiago hilean bitan edo gutxiagotan baino ez da ateratzen etxetik. NBEren inkesten arabera, ia hiru laurdenek ez dute beren burua seguru sentitzen gizonezko tutorerik gabe kalera ateratzen direnean, eta erdiek baino gehiagok diote espazio publikoak, hala nola merkatuak eta osasun-zentro publikoak, erabat saihesten dituztela. Kalean ezin dute hitz egin, eta aurpegia estaltzera behartuta daude. Afganistan da munduko herrialde bakarra neskei bigarren hezkuntzarako eta unibertsitaterako sarbidea ukatzen diena. Lan-munduan ere, haien aukerak gero eta urriagoak dira: emakumeen %7k baino ez du lan egiten. Osasun-arreta eskuratzea ere gero eta zailagoa bihurtu da, mugikortasun-murrizketek eta erizain eta mediku eskasiak oztopo berriak sortzen baitituzte. Unescok egoera «larria» dela ohartarazi du, eta «atzera bueltarik gabeko» kalteak eragiten ari direla salatu.
Jar ditzagun, bada, berriro ere guztion miran. Ez ahazteko. Euren ahotsa entzuteko.